Saminaren poz arrotza. (Julen Gabiria)
Salvador Puig Antich gutako edozein baino gazteagoa zen, sama intxaur baten tamainara txikitu ziotenean. Adina beti da muga jendearen begietara; heriotza bera baino gehiago, heriotza ez baita muga, ezpada helmuga.
Hil zuten nik urtebete baino ez nuenean. Urte bat, hilabete bat eta hamalau egun nituenean. Ez naiz akordatzen Salvador Puig Antichekin, ezin akordatu bizi gabekoaz. Eta, hala ere, hari buruz hitz eginez hasi dut testu hau, larriagoa delako bizitakoaz ez akordatzea, zuri eta zuri gertatzen zaizuen moduan. Ez kontatu non zeunden Puig Antichen eztarria kanika bihurtu zutenean. Baina non zeunden hogeita bost urterekin, Salvadorrek hiltzean zeukan adin bera zeneukanean? Non geratu da zehazki zure muga hori, Salvadorren kasuan helmuga ere izan zena?
James Matthew Barrie idazlearen bizitzarekin gogoratzen naiz horrelakoetan, adinaren mugak eta helmugak aipatzean. Oraindik txikia zela, 13 urteko David anaia hil zitzaion patinatzen ari zela. Gertaera horrek goitik behera aldatu zuen James gaztearen bizitza, une hartakoa eta etorkizunekoa. Margaret Ogilvy, Jamesen ama, depresio sakonean sartu zen: edozein seme-alabaren heriotza gogorra bazen ere, Davidena jasanezina egin zitzaion. Hura zen, guztietatik, Margaretek gehien estimatzen zuen umea. Hilabeteak eman zituen logelatik irten gabe. Txikia izan arren, James orduan hasi zen konturatzen zer zen haztea: Davidek sekula lortuko ez zuen hori, horixe zen haztea. Eta bera bai, bera hazi egingo zen, eta David betiko geratuko zen 13 urterekin denen buruan. Orduan, zer egingo eta Daviden arropekin janzten hasi zen, amaren samina baretzeko. Ama ez zen haserretu: aldiz, gustura zegoen, berriro David aurrean izanda. Horixe izan zen, geroztik, Jamesen papera: gehiago haziko ez zen Davidena egitea.
Eta bai: Jamesek gainditu egin zuen David, gainditu egin zuen 13 urteek markatzen zuten aduana psikologikoa. Egun bat bai eta bestea ere bai, orain hurbil eta bihar hurbilago, muga hura gerturatzen zihoan eta, horrekin batera, anaia bikainaren mitoa hautsi eta gainditzeko aukerak ere gero eta handiagoak ziren. Kulpa sentsazioa da nagusi mugatik aurrerako urte guztietan. Anaia ezin izan zelako heldu, ezin izango zelako sekula heldu, Jamesek betetzen zituen adin-muga berrietara: hamabost, hogei, hogeita hamalau… anaiak ez zituen muga horiek ezagutuko. Salvador Puig Antichek ere ez. Beste kontu bat da guk kulpa sentsazio hori sentitzen ote dugun, Barriek bezala anaiarekin.
Hogeita sei urte bete zenituenean, kontziente zinen zure eztarria ohiko tamainakoa zela? Igarri ote zenuen minik saman, itolarririk? Kalera atera zinen seguruenik, protesta egitera edo, ezkutuan, justizia-justizia aldarrikatzera.
Denborak sendatu al dizu itolarria? Eta, aukera izanez gero, esate baterako denboran atzera joatea eskainiko balizute, aukeratuko zenuke albistearen berri izan zenuen momentura bueltatzea, orduan sentitutakoa eta gaur ahaztutakoa berriro sentitzera?
Ez naiz ari familia-albumak errepasatzeaz, une goxoak gogora ekartzeaz. Une latzak berritzea da proposatzen dizudana, sofako erosotasunetik harago, alanbre-punta bat sentitzea uzkian, adibidez. Izan ere, erraz ahazten dugu, eta okerrena da, beharbada, ahaztu dugun hori geuk erabaki dugula ahaztea, honaino ekarri gaituen esperientziaren bidean arrosa-petaloak bakarrik gogoratu behar bagenitu bezala.
Dena oso sinplea izan zela diote kronikek. Salvador oholtzaren erdiko aulki batean jesarrarazi zuten, Bartzelonan, 1974ko martxoaren 2an, 09:40an.
Atahualpa, inken enperadorea, modu berean hartu zuen heriotzak, sama intxaur bihurtuta, aulki batean jarrita. Baita Heinz Ches ere, 1974ko egun berean, Tarragonan, intxaur bat hura ere. Ches gaizkile arrunta omen zen, Puig Antich anarkista. Egia ere garrotez hil zen hurrengo egunean, egunkarietako azaletan bien argazkiak batera argitaratu zituztenean, eta horregatik ez duzu ondo gogoratzen (non daude orduko justizia-justizia aldarria, non samako mina) Ches anarkista ote zen eta Puig Antich gaizkilea, ala biak anarkistak, ala, seguruenik, biak gaizkileak. Egia kontrabandozko produktua da diktaduretan, eta luxuzko produktua, berriz, denborak oroitzapenak lausotu dizkigunean.
Aulkian jarri zuten, beraz, eta burdinazko lepokoa jantzi zioten. Ondoren datorrena erraz kontatzen da, errazegi; ez dugu kontatuko, beraz. Diotenez, itotzen hasi orduko, benetako agonian sartu orduko, ikusmena ere lausotzen hasi baino lehen, hiltzera doanak gora begiratzen du, ez zerbaiten bila edo jaungoikoren baten azken mezuaren bila, ez: berezko keinua da hori, keinu atabikoa, azalpen logikorik gabekoa, sen hutsa. Eta, gertatzen da, gora begiratzean, segundo batez parean duen pertsonaren begiekin egin dezakeela topo, ez beti baina gerta daiteke, esate baterako borrero bat dagoelako kondenatuaren eskuei eusten, edo ikerlari bat ari delako kondenatuaren erreakzioak anilladun koaderno berde batean apuntatzen, zientziaren izenean beti ere.
Eta goranzko begirada liparreko horretan, lau begiek topo egiten dute eta, diotenez, begirada hori ez da errukia eskatzeko, ez da mesedez salba nazazu, ez da irain bat begirada hori. Begirada hori da, gauza denen gainetik, kondenatuaren izena, aurpegia, irudia azken batean, sekula hilko ez dela bermatu nahi duen begirada bat. Hala diote.
Gero, sama gehiago estutzen dizute eta begiak apur bat ateratzen zaizkizu, gehiago eta hobeto ikusi nahian bezala, eta kondenatuak aurreko pertsonari begira jarraitzen du, baina jada ez du ikusi ere egiten, begi horiek jada ez direlako begi ere, ezpada kanika handi bi, untxiaren bihotza bezalako bola bi, irtetear daudenak euren zuloetatik, borreroak manibelari gehiago eta gehiago eta gehiago eragiten dion bitartean. Gero arnasa eteten da hiru-lau aldiz, asfixia dator ondoren, eta birikek, arrakalatzeko astirik gabe, eztanda egiten dute, eta arnasa bosgarrenez eteten da, oraingoan betiko, eta kondenatua jada ez da zaku bat baino, sufritzeko eta oihurik txikiena ere egiteko gai ez dena. Eta hortxe amaitzen da dena, edo ez: hortxe hasten da dena.
Izan ere, kondenatuaren aurrean dagoen borreroak edo ikerlariak edo, azken batean, kondenatuaren begirada jasotzeko zorte txarra izan duen horrek, ezin izango du sekula burutik kendu begirada hori. Hori ez da ahazten. Ez dago nikotinadun partxerik hori ahazteko. Hor ez dute funtzionatzen psikologoek edo senideen hitz goxoek. Hori da kondenatuaren azken sen atabiko horrek egin dizun oparia, agurreko erregalua. Bagdadeko morroiaren antzera egin dezakezu korri Ispahanera, baina kondenatuaren begiradak beti harrapatuko zaitu. Eta begiradarekin batera, haren izena, aurpegia, irudia gogoratuko duzu beti. Eta, azken batean, historia oso bat gogoratuko duzu: ez soilik hildako horren historia partikularra, baizik eta heriotza hori baimendu zuen gizartearen eta garaiaren historia osoa ere. Urteak joango dira, mende berriak etorriko dira, baina ohartuko zara denbora ez dela distantzia, Puig Antichek begietara zuzen begiratu zintuelako, eta gaur atzo delako, eta bihar gaur, eta etzi ere atzo izan daitekeelako erraz asko. Atzotik etzira hitz-joko bat baino ez dago, letra txiki batzuk baino ez: esan daiteke atzo eta etzi izaki bera dela, arima berarekin, baina soineko desberdinarekin. Atzo hil ziren hamar atso, eta, historia beti errepikatzen denez, etzi etsi egingo dute hamar atsok, ezin baitzen bestela izan.
Bai, esango didazu zu ez zinela bere aurrean zegoen borrero edo ikerlari hura, eta ondorioz Puig Antichek ez zintuela begietara begiratu, baina zu ere bere aurrean zeunden hil zutenean, protesta egin zenuelako edo poztu egin zinelako, beldurra sentitu zenuelako edo etxean goxo geratu zinelako 1974ko martxoaren 2an. Zuri ere begiratu zizun, baina agian ez zara gogoratzen, agian ahaztu egin zaizu, edo agian zuzenagoa izango litzateke esatea ahaztu egin duzula.
Gertatzen dena da mina, energiaren antzera, ez dela sekula deuseztatzen: eraldatu egiten da. Ez gara konturatzen beharbada, baina mina hor dago. Alferrik da plantak egitea: zuri ere begiratu dizute indarrez eta bortxaz hildako kondenatu guztiek. Batekoek eta bestekoek, denek, hiltzera baina irautera doazela dakitenen begi izutu berberekin. Iragana arrosen petaloekin estaltzen dugu nahita, arrosen arantzekin gogoratzeko gogo eta beharrik gabe. Gogoratzen ditugun petalo horiek dira oroimena; gogoratzen ez ditugun arantzak dira oroimina.
Zelan bizi gaitezke gertatu den guztia gertatu dela jakinda? Eta, galdera beste esparru batera ekarrita, artistak zelan sortu dezake artea, aurretik sortu den guztia sortu dela jakinda? Sorkuntza deitzen dugun hori ez ote da, definizioz, gezur hutsa, sortzen ari garen guztia aurretik ere sortuta dagoela jakinda? Ze artista klase gara, ezjakintasunean oinarrituta plagiatzen dugun guztiari sorkuntza deitzen diogunak?
Baina artea albo batera utzita, sorkuntza guztiz baztertu gabe ere, bizitzaz mintza gaitezke, hori baita lurreko jende gehienaren hizkuntza. Bizitza beste zerbait da, baina, azken batean, sorkuntza mota bat ere bada, ohikoagoa edo demokratikoagoa, baina sorkuntza. Eta, zergatik ez, norberaren bizitza da norberaren artelana. Edo, buelta emanda, jende gehienaren artelan bakarra bere bizitza da. Eta bizi gara, bai, aurretik izan den guztia izan dela jakinda. Edo jakin gabe, baina bizi gara, eta egunero-egunero eraikitzen dugu artelan indibidual eta demokratikoago hau, iraute-proba batean bezala, fondoko karreraren itxura daukan bizitza honetan. Kontuan hartzen ditugu, bai, gure esperientziaren motxilan pilatuz joan garen trasteak: aholkuak, heriotzak, pozak eta beldurrak. Baina gure esperientziari erreparatzen diogu, begirada zabalagorako tarterik gabe. Bizitzan eta sorkuntzan, bietan, Historia handiaz mintzatu beharrean, norberaren istorioez mintzatzen gara, norberaren iragan pertsonalez, norberaren mamuez. Eta bizitzea nahikoa artelan bada iraute-proban bizirauteko asmo hutsa duen jendearentzat, eta biziraute horretan mamuak nonahi agertzen badira, zer esan ustezko sorkuntza horretan ari denaz, Historiari erreparatu gabe baina mamuz inguratuta bizi den sortzaile horretaz? Mamuak dira munduan dauden sortzailerik handienak. Mamuek idazten dituzte nobelak, pintatzen dituzte margoak eta jotzen dute pianoa. Mamuek sortzen dituzte artelanak, eta, jakina, beti izaten dira lan autobiografikoak.
Gizaki arrunta ere (bere aurrekoen sorkuntza plagiatzen ez duen gizaki zintzo hori) mamuz inguratuta bizi da, esan beharrik ez dago. Amuma hil baino egun batzuk lehenago, kasete batean grabatu nuen haren ahotsa. Ordurako burua joanda zeukan baina, aspaldiko partez, inoiz baino kabalago hasi zen berba egiten, bere mamuak azaleratuz sekula egin ez zuen moduan. Kontatu zigun txikitan errota batean bizi zela, eta gripe txar bat heldu zela herriko guztiak gaixotzera. Eta gaixotu zirela, sukar altuak jota. Eta urtea ere gogoratzen zuen, eta egia zen gainera, hemeroteketan begiratu eta konturatu nintzelako sukar handiaren urte hura, amumak esandakoa, benetan existitu zela. Eta esan zidan sukarrak ez zuela bera harrapatu, aitak errota barruan ezkutatu zuelako arto artean, eta halaxe libratu zela bera, astebete pasatuta errota barruan artoa jaten, sukar zikina herritik joan zen arte. Errotatik irtetean, egunaren argiak begiak itsutu zizkion, baina aitortu zigun itsumen hura ez zela ezer izan, herrian zenbat jende hil zen konturatzeak eman zion minarekin konparatuta.
Bada, hori esaten ari zen bitartean grabatu nuen 90 urteko andrea, eta handik astebetera-edo hil zen, ohean, lasai-lasai, sukar ustelik gabe eta artorik gabe, nahiz eta, batzuetan, burua berriro joaten zitzaion, eta esaten zuen, adibidez, logelako ispilutik jendea irteten zela, eta ea nor zen ispilutik irteten zen jende hura, ea zergatik eta ea zertara zetozen. Beti iruditu zait gauza beldurgarria ispilu horretatik irteten zen jendearen kontua, eta nik, badaezpadan, gutxitan erabili izan dut ispilu hori. Bada, hil eta egun batzuetara, amumaren argazki bat aurkitu nuen kaxoi batean, nik ateratakoa, eta hari begira egon nintzen denbora luzez. Pozik nengoen, amaitu zitzaizkion sufrimenduak eta ni, berriz, seguru nengoen ez nuela ahaztuko: argazkiaz gain, kasetea ere baneukan bere ahotsarekin.
Sei urte pasatu dira hil zenetik, baina nik ez dut argazkia berriro ikusi nahi izan, eta inoiz edo behin parean aurkitzen badut argazkia, irribarrez begiratzen diot eta beharbada zerbait esaten diot, argazkian bera ere irribarrez eta niri begira dagoelako, eta bidezkoa iruditzen zaidalako keinu minimo bat eskaintzea. Baina segituan gordetzen dut argazkia, eta denborak bere ohiko erritmoa hartzen du, azkartu egiten da denbora tik-tak, argazkiaren aurrean nagoenean gehiegi moteltzen delako tik, denbora sargoria delako horrelakoetan tak.
Sei urte pasatu dira eta ez diot egundo play teklari eman kasete hura entzuteko. Argazki bati begiratzeko gai naiz, baina ahotsak min handiegia egingo didala badakit, eta hortxe daukat zinta hori, kaxoi batean geldi eta, berarekin batera, geldi dago amumari burua joan zitzaioneko egun berritsu eta kabal hura, errotako kontuak esan zizkidanekoa. Izua ematen dit gogoratzeak, eta saiatu ere ez naiz egiten.
Pozik nago, badakidalako zinta horretan dagoela harrapatuta oroitzapena (ez baitakit oroimena den kasu honetan, ala oroimina), baina, beste alde batetik, badakit inoiz ere ez dudala berriro entzungo amumaren ahotsa, oroiminek min handiegia egiten dutelako eta ahots bat ez delako ahots soila: ahots bat mundua da, mundu osoa, mila eta hiru oroitzapen metro karratuko.
Erramunek dio sentimenduak inteligentzia maila bat direla; sekula ez nuen pentsatu horrekin, hain barneratuta baitaukat (hala erakutsi digute, bereziki mutilei) sentimenduak barruan gorde beharreko zerbait direla. Bakarrik horregatik, gure aurreko guztiak modu mailukarian tematu direlako esaten sentimenduak barruan gorde behar ditugula, bakarrik horregatik jakin behar nuen sentimenduak inteligentzia mota handi bat direla, mundua ulertzeko dugun pertzepziorik berezienetakoa.
Handik gutxira, demagun sei hilabetera, txori bat etorri zen gure etxeko balkoira. Gauza arraroak poteetan gordetzeko dugun ohiturari jarraituz, txori hura ere hartu eta kaiolara kondenatu genuen, behinola etxean ezustean agertutako izaki bitxi eta despistatua betiko izateko gure begien aurrean. Txori alaia zen (“da” esan beharko nuke, oraindik bizirik baitago), eta laster ikasi zuen kantuan ere.
Gero, horrelako agerpen airetiko eta misteriotsuek behar duten legez, kondaira bat sortu zen etxean txoriari buruz: inork ez zuen aipatzen, baina denok pentsatu genuen txori hura amuma zela, berpizturik. Amarekin elkarrizketa luzeak izaten zituen (txori kaiolatuak ez dira erraz aspertzen); amak zerbait esan eta txoriak pi labur batekin erantzuten zion, eta horrela denbora luzez. Nik uste dut ama konbentzituta zegoela, baina inork ez zuen deusik aipatzen horri buruz. Eta izenik ere ez genion jarri sekula, zaila baita norbaiti izen berria jartzea, badakizunean amuma dela.
Gure historiaurrea maite dugu, baina historiaurre horrek bisita egiten badigu beldurrak nagusitzen zaizkigu, izoztuta bezala geratzen gara eta gure mamu guztiak nagusitzen zaizkigu, eta eurek garamatzate, eurek eta ez guk, sormenera. Mamu horiek dira gure sentimenduak, eta sentimenduak dira gure mamuak, eta akaso izen hori erabiliz (“mamuak”) hobeto ulertzen da zergatik beti esan diguten sentimenduak ezkutatu egin behar direla. Ez da txukuna mamuak paseatzera ateratzea, esan digute.
Eta berandu konturatu gara sentimenduak edo mamuak direla sormenak daukan modurik handiena, barrukoena, benetakoena eta sentituena. Gure esperientzia pertsonalak eragiten digun izua, izozten gaituen zirrara edo flamenkoek guk baino lotsa gutxiagorekin aldarrikatzen duten “duende” hori. Deitu edozein modutan, baina nire kasuan, balkoira agertzen diren txoriekin edo kaxoian sei urtez gordetan ditudan zintekin, edo aspaldi asesinatutakoen begiradak imajinatzearekin, nire kasuan, sentimendu edo zirrara hori, mundua ulertzeko balio didan pertzepzio magiko hori, mamuak dira. Bizitzeko eta sortzeko behar ditut, malkartsuegia eta ilunegia den amildegi batera eramaten nauten arren. Baina euren presentzia inbokatu beharra daukat sorkuntzan aritzeko, eta amildegiaren bertigo hori sentitu beharra daukat, gu garena izatera eraman gaituztenen minaren aurren paratu beharra daukat, mundua ulertzeko, mundua gainditzeko, mundu berriak sortzeko eta, ondorioz, mundu berriak sortzen ditudan neurrian, neure burua ere sortuz joateko.
Sentimenduak inteligentzia maila apartekoa dira. Baina, gaur egun, sentimenduek etsai mendebaldar bi dituzte, batez ere: bata, lehen esan dugun bezala, sentimenduak ezkutatu beharrekoak direlako sentsazioa nagusitu dela gure mundu zuri honetan; bigarrena, mundu zuri honek ez duela tarterik uzten geure buruekin (geure sentimendu eta mamuekin) unetxo batez egoteko. Etsai mendebaldarrak dira biak, ustez aurreratuen dauden lurraldeetan baino ez direlako ematen, ez beste inon. Baina ez dut ezer berria deskubritzen, esaten badut egunerokotasunak urrundu egiten gaituela pentsamendutik.
Pentsamendua alderrai dabil, ez soilik pertsonen egunerokotasunetik, baizik eta kulturaren mundutik ere. Harrigarria badirudi ere. Gaztadun hanburgesa bikoitza balitz bezala, kultura eskatu, prestatu eta zerbitzatu egiten da, eta oinez goazela kontsumitzen dugu, edo tabureterik gabeko mahaiaren aurrean zutik, baina kontsumitu, arin batean eta hurrengo hanburgesa (hurrengo mendeurrena, hurrengo omenaldia) zein izango ote den asmatzeko astirik hartu ezinda.
Pentsamendua deitzen dugun eta kulturako zinegotziek hitzaldi sorta kateatu eta etengabeen bitartez aurkezten duten hori ez da pentsamenduaren simulakro bat baino, Baudrillardek askoz ere modu zehatzagoan erabiliko lituzkeen hitzak geure eginda. Soziologo frantsesak ezin hobeto irudikatu zuen, beste inork baino lehenago, gaurko munduaren ezaugarri hori: horretarako, Borgesen ipuin bat erabili zuen. Ipuin haren arabera, Inperioko kartografoek halako zehaztasunez eta detailez irudikatu zuten erresuma hartako mapa, ezen mapak lurraldea bera estali baitzuen, aurrerantzean mapa bihurtu zelarik erresuma hartako benetako errealitatea. Adibide berari tiraka, guk ere esan dezakegu txarolean bilduta eskaintzen zaigun kultura (salbuespenak salbuespen) benetako baina ezkutatutako kultura baten simulazioa dela, eta berdin esango genuke kultura horri lotutako pentsamenduarekin ere: instituzionalizatu egin da pentsamendua, eta hori da eskaintzen zaigun aukera bakarra. Pentsamendua gonbidatu egiten da gaur egungo ekitaldi kulturaletara, baina pentsamenduak ez du sekula parte hartzen: ideia batzuk komunikatzen dira, baina ez da pentsamendurik espresatzen.
Fast foodaren gizartearen esparru kulturalean, ezin zen bestela izan, fast foodeko pentsamendua nagusitu da. Ondorioz, kulturaren kontsumo handia ematen da gaur egun, baina dentsitate eskaseko kultura da, instituzioa eta intuizioa ez delako gauza bera (antzekoa badirudi ere) eta, era berean, kultura instituzionala ezin delako intuiziozko kulturaren mailara heldu.
Karrera bat egin duenak ondo daki hasierako aspirazioak zelan bihurtzen diren apatia eta horma estu, ikasketak amaitu ostean. Horren arrazoia, besteak beste, izan daiteke ikasketek irauten duten urte luzeetan argirik ez ikustea tunelean edo izan daiteke hasierako idealismoak errealitate lurkoiago batekin egiten duela topo karreraren urteetan, baina ezin izango da ukatu, era berean, ikasketa ofizial eta kreditudun horiek karratu bihurtzen dutela lehen malguagoa eta moldagarriagoa zen gure pentsamendua. Ezer ikasi baino lehen, zabala zen gure pentsamendua, petrolio orban bat itsasoan (handitzen eta txikitzen olatuen arabera, gure ilusioen eta intuizioen arabera). Ez da soilik hasierako idealismoa zapuztu egiten dela: areago, intuizioz sortu dugun jakintza murriztuz doa, zenbat eta jakintza instituzional gehiago jaso. Murriztuz doa, atrofiatuz erabat, sinistu arte oinen azpian dugun mapa perfektu hau dela gure lurraldea, konturatu barik benetako lurra mapa horren azpian dagoela, estalita.
Intuizioa eta instituzioa, horra hor hitz bi ezin hobeto erakusten dutenak jakintzaren (kulturaren, pentsamenduaren, inteligentziaren) plano bi.
Horregatik behar ditugu sentimenduak, mamuak edo intuizioak. A prioririk gabeko lurralde batetik abiatzeko, sormenean ofizialtasunak ezartzen dizkigun lerro karratuetatik harago joateko beti. Intuizioa arau logikoetan sartu behar da, eta nahastu sentimenduen eta esparru arrazionalaren arauak. Michel Guillan zientzialari eta idazleak idatzita utzi duenez, “gizakiaren imajinazioa da beti existitu izan diren egiak ulertzeko balio duen seigarren zentzua. Zeruan bezala izarrak, egia horiek ere hortxe daude, zain, gure imajinazio estrasentsorialak deskubri ditzan”. Beti eman dit atentzioa zientzialaririk azkarrenek intuizioaren edo “seigarren zentzuen” gainean duten errespetua, eta hori baino gehiago: zelan erabiltzen duten intuizioa, ustez hain arautua eta zurruna den zientziaren munduan. Isaac Asimovek ere idatzi zuen, metodo zientifikoari buruz ari zela, ze garrantzi daukan intuizioak, beti ere argi utziz jakintzaren oinarririk sendoena ez dela zortea: “Esan nahi ahal du horrek dena dela zorte kontua eta ez buru kontua? Ez, ez eta mila bider ez. “Zorte” klase hori burmuinik onenetan baino ez da ematen; soil-soilik esperientzia luzearen, ulermen sakonaren eta pentsamendu diziplinatuaren ordainetan lortutako “intuizioa” duten burmuinetan”.
Jakintzak ez du behar espektakulurik. Berba handi gutxiago eta neoi gutxiago. Ilunpeetan galtzea ere ez legoke txarto, astebeteko apagoia errukirik gabe; astebete, egunez eguzkipean eta gauez iluntasunik kezkagarrienaren erritmoan paseatzeko, kantoi beltzetatik eta itzalpeetako gure arimetatik, geure oin-hotsekin eta pentsamenduekin elkartzeko aspaldiko partez. Aurtengo neguko apagoi handietako batean, kostaldeko herritxo batean bizi den lagunak esan zidan beldurra pasatu zuela hango kaleetan paseatzen, hain benetakoa eta isila baitzen iluntasuna. Esfortzu handirik egin gabe, itsutasunarekin akordatu ginen: pentsatu genuen itsutasuna ezin dela egoera horretatik urrunegi egon, baina laguna oraindik beldurtuta zegoen, eta ez zuen imajinatu ere egin nahi zer ote den itsutasuna. Otu zitzaigun, beraz, norberaren ahotsarekin topo egitea bezalako zerbait izango zela iluntasun hura, eta hizketan hasi eta biok ados jarri ginen, jende askorentzat horixe dela benetan isiltasunak daukan alderdirik beldurgarriena: bere ahotsarekin egin behar duela topo, aspaldiko partez.
Andre batek oihu egin zion leihotik nire lagun bakartiari, “benga etxera!”, eta lagunak poz arrotz bat sentitu zuen: zerbait ona eta beharrezkoa ari zen egiten, bere baitan bildutako paseo haren bitartez. Ez mundua salbatzeko edo gehiegizko heroismoetarako, ekintza hura ez zen horretarako sortua; baina beharrezkoa zela esan zidan lagunak, eta berezko apagoirik ez balego sortu egin beharko genituzkeela bota zidan, luxua izan zelako bere oinen hotsa entzutea asfalto bustian, eta jakitea berak sortutako soinua baino ez zela aditzen; sentitzea, nolabait, bakarrik zegoela (bakarrik munduan, baina, batez ere, bakarrik bere buruarekin) eta ez zuela interferentziarik izango entzuten ziren soinuen artean, ez zuela soinu inflaziorik izango, eta aitortu zidan bakarrik ere hasi zela hizketan, baxu hasieran eta ozenago gero, zarata egitera heldu barik baina ozen, alboan lagun bat balu bezala, ahots tonu horretan. Esan zidan sekula ez zela hain aske eta hain benetako sentitu: urrunera bidaiatzean ere ez, motxila bizkarrean hartu eta munduko bazterrak autostopez korritu zituenean ere ez, sekula ez hain bera, hain egiazko. Oin hotsak entzutea handia izan bazen, ezin dudala imajinatu zer zen bere buruarekin berba egitea, kaleetatik eta portutik paseatzea elkarrizketa goxoan, berak esan eta berak erantzun, galderarik egin gabe, soilik esan eta erantzun. Edo esan eta isildu, beste barik, hain naturala baina hain zaila den isiltze horretan. Lagunak aitortu zidan, orduan, urteak zeramatzala bere ahotsa hain garbi entzun barik. Ez soilik ahotsa: urteak zirela pentsamenduak oharkabean egiten ziola ihes, ura kotoizko izara batekin harrapatu nahi denean bezala. Ahotsa eta pentsamendua disolbatu egiten zitzaizkion munduaren zarataren erdian. Eta gauak aurrera segitzen zuen, eta harrezkero ez zitzaion etxekoandrerik agertzen leihoetan, “benga etxera!” oihuka, hain zen berandu. Katurik ere ez zuen sumatu, eta kaioak lo egongo ziren labarretan. “Argiak zarata egiten duela ondorioztatu nuen”, esan zidan, kaleko farola amatatuekin oroitzean. Ulertu nion esan nahi zidana, baina gauak zelan jarraitu zuen jakin nahi nuen, laguna sekula ez baita izan abentura handien zalea, eta iruditzen zitzaidan laster kontatuko zidala etxera bueltatu zenekoa, hurrengo egunean lanera joan beharraren harrak tiratuta.
Ahaleginduta ere ez nuke asmatuko imajinatzea lagunak bere bizitza osoko protagonista izandako leku eta egoerak berriro deskubrituko zituenik, eta leku eta egoera horietan pasatuko zuenik gaua, harik eta goiza heldu arte, eta goizarekin argia, eta kotxeen fokoak, eta jendearen oin-hotsak hara-hona, eta halako tristura neurtezin bat jabetu zen lagunaz, dena amaitua zelako, argia gauza zaratatsua delako eta beste soinu guztien artean disolbatu zelako bere ahotsa eta pentsamendua. Baina bien bitartean, antzinako leku eta egoerak topatu zituen (nik ere badakit non dagoen amumaren ahotsa gordetzen duen zinta, baina sekula ez diot play teklari eman), eta esan niolarik horiek norberaren mamuak direla, erantzun zidan, “mamuen kontu hori horrela bada, niri mamu guztiak agertu zitzaizkidan” farolarik gabeko gau hartan. Baina, hori esatearekin batera, alboetara begiratzen zuen, beste inori ez baitio halakorik aitortu, mamuak txarto ikusita daudelako gizarte honetan, nola dauden txarto ikusita sentimenduak azaleratzea, norbere buruarekin hitz egitea, iluntasunean paseatzea, larregi oroitzea, zaraten inflaziotik ihes egin nahi izatea eta, oro har, lore arraroa izatea.
Gero, esan bezala, goiza heldu zen, bere normaltasun guztiarekin, eta lore arraroak ihartuz joan ziren apurka, baina nire lagunak ondo gogoratzen du gau hura: gogoratzen du zelan heldu zen bere sentimenduen amildegiaren ertzera, eta zelan geratu zen labar horretatik behera begira, bertigoa sentituz baina bere nortasuna berraurkituz. Une bat baino ez zuen iraun, ordu gutxi batzuk, baina orain badaki. Eta desiratzen dago hurrengo apagoia heltzeko, geure buruarekin topatzeak ematen duen saminaren poz arrotz hori berriro sentitzeko.