PRENTSA
“Sortze prozesua ez den beste guztia gero eta mingarriagoa suertatzen zait.”
Jon Benito (Ea, Bizkaia)
Astearte arratsalde eguzkitsua Ean. Moilarako paseoa gau arterakoak azkeneraino probestu nahi dituztenez mukuru. Toaila zabalduta porlan gainean etzaten da jendea. Harago hondartza. Lehor ez dena itsaso.
Paraje hauetan jaio zen, paraje hauetan ematen ditu udak Erramun Landak (Ea, 1958). Pintura erromantikoetan nola, hodeiek mehatxu egiten dute urrutitik. Euririk bota gabe joango da arratsaldea?
Erramun Landak dio: “Niretzat ez dago oreka eta lasaitasun momenturik. Oreka parentesi tristea izan ohi da. Goian zaudenean goi-goian, behean zaudenean oso-oso txarto. Sentipena, goian ala behean, absolutua da, bizia. Inoiz egongo zaren tontor horretan egoteko, behean egon behar duzu noizbait. Hori da nire dinamika: ez dut orekarik ezagutzen.”
Nondik abiatzen zara?
Ordenagailua, nahita, guztiz kanpo geratzen da prozesuan zehar.
Ordu asko ematen ditut tailerrean, bakardadean. Baina kuriosoa da: tailerrean isolatuta nagoen ordu luze horietan guztietan ez naiz inoiz bakarrik sentitzen, etxean nagoenean sentitzen dut bakardadea. Tailerrean ez dut inoiz sentipen hori: ez nago lagunduta, baina ez nago bakarrik.
Eta horrela, papera taulatik zintzilik jarri, eta hari begira geratzen naiz. Paperari begira eta begira. Musika edo animo egoera bereziak lagunduta eta aurreko egunetakoa soinean dudala. Ez da bat-batean paperean ipintzea, sortzea koba batean barneratzen joatea bezala da: egunez egun barrurago.
Paper zuri-zuria aurrean dudala, begiek marrak eta puntuak ikusten dituzte. Hasteko dei moduko bat, eta horri lotzen natzaio zuzenean.
Prozesu osoan izaera bera mantentzen saiatzen naiz: paperari begira jarri eta ez diot nire buruaren logikari jarraitu nahi izaten. Horrela beste logika modu bat esnatzen dela konturatzen naiz.
Zer da beste logika hori?
Ekintza momentua da nire gakoa. Ekintza momentua beste sentsazio askori lotua dago. Pintatzen dudan bitartean denbora laburrean esperientzia ugari nabaritzen ditut: eguerdiko hamabietan zeruan egon naiteke eta arratsaldeko bostetan infernuan, egunean zehar egin dudanaz damututa.
Sortzerakoan sentipen oso biziak izaten ditut. Denborazkotasuna aldatu egiten da, errealitatearekin zer ikusirik ez duen denborazkotasun bat sortzen da nire pertzepzioan.
Nolabait esan, praktikak egin nau “jakintsua.” Praktikaren bidez iritsi naiz teoria ulertzera. Sortze lanetan emandako orduetan edukitako sentimenduek eraman naute lehendik inolako harremanik ez nuen teoria edo ideiekin lotzera.
Amildegi sentsitiboa aipatu izan duzu gako modura. Zer da amildegi sentsitiboa deitzen duzun hori?
Arriskua. Espero ez duzun bideetatik ibiltzeko amildegitik bota behar duzu zure burua. Amildegira hurbiltzen zarenean, eduki salto egiteko ausardia.
Esan nahi dut: izaera kontserbadorea edo konformismoa gaixotasun izugarria da niretzat.
Sortze lan hori amaitutzat ematen duzunean, zer nolako harremana duzu emaitzarekin?
Biharamunean infernua bisitatzen dut aurreko egunean egindakoaz damutzen naizenean. Obrarekin dudan harremana baino momentu biziagorik apenas ezagutu dut.
Oso gimnasia sakrifikatua da pintura. Irudi edo marrazkiarekin elkarrizketa bat mantentzen dut: ekarpena egiten diot, esan edo iradoki egiten dit, beti saiatzen naiz intuizio aktibo bat mantentzen. Baina gerora konturatu naiz, elkarrizketa uste nuena, bakarrizketa besterik ez dela: hausnarketa hutsa. Tailerrean sartu eta hausnarrean egoten naiz. Baina hausnarketa gauzatzeko, objektu, irudi edo marra batzuekin harremana izatea beharrezkoa zait.
Eta sortutakoa liburu baten azalean edo museo batean zintzilikatuta ikusten duzunean, publiko egiten denean, nola ikusten duzu?
Kuriosoak dira planteatzen diren sentimenduak: beti ezberdinak eta aldakorrak.
Baina nik garbi bereizten ditut sortze prozesua eta gainerako guztia. Tentsio aldetik, sortze prozesuak, tailerreko bizitzak du garrantzia. Beste guztia bizitza soziala da.
Baina ez zaizu ikusleen iritzia axola?
Ikuslea beti hor dago. Batzutan zigor modura.
Azken aldian askoz gutxiago baloratzen dut besteen ikuspegi edo onarpena. Ni ez naiz adostasunaren laguna. Ez dut besteen onespena bilatzen. Bere momentuan bilatu izan nuen, eta oraingo ikuspegitik, porrota izan zela konturatzen naiz.
Lehenago ibili ez naizen bideetatik ibiltzea bilatzen dut orain. Lehen ibiliko nintzenik susmatzen ez nuen bideetatik nabil. Horrek aberasten nau.
Baina besteen iritziak ez dizu erreferentzia gisa ere balio?
Kontrakoa esango nuke. Bestearekiko harremana guztiz gatazkatsua bihurtu da. Besteren iritziei balioren bat ateratzen badiet gatazkaren balioa da.
Sortze prozesua ez den beste guztia gero eta mingarriagoa suertatzen zait.
Eta horrek eragiten dizu sortzerako orduan?
Tailerreko lan intimoan kanpo munduarekiko gero eta kontraste handiagoa nabari dut. Nire mundu txikian gauzak gero eta aberatsagoak, biziagoak, interesgarriagoak dira. Kanpo munduarekiko kontrastea izugarria da: leku batean zenbat eta hobeto, bestean orduan eta okerrago.
Eta kanpo mundutik estudiora sartzea?
Babestea da. Estudioa leku liberatua da. Kanpo bizitzan erasoak eta erasoak daude, ezerk ez dit sortzen laguntzen, eguneroko errealitateak denbora eta bizitza jaten dit. Sortzeko babestu eta urrundu egin behar naiz: lagunak, koadrila, besteak…
Baina ezin zara estudioan bizi, ezta? Kanpoko gauzek ere eragingo dizute…
Baina lasai sentitzen naiz, babesleku bat baitaukat.
Tailerrean nagoen momentuek beste gauzei aurre egiteko bultzada eta arnasa ematen didate. Ikasleekin edo instituzioekin izan beharreko harremanetarako baloreen erreferentzia, adibidez.
Estudioa leku erreal eta sinbolikoa da aldi berean: eremu askea. Utopia posible da han, bizitzearen dentsitatea igo egiten da.
Inguruko guztiarekin haserre nagoela konturatzen naiz. Positibismoaren kontra nago. Gora begiratu behar da. Gauzen alderdi ona bilatzeaz nekatuta nago. Zerbait ikuspegi positibista batetik hartzen dugunean, beste errealitate guztia galtzen ari gara, beste errealitate eta aukerak, bizitza.
Eta beste faktoreek nola eragiten dute zugan?
Euskal Herrian bizi naiz, baina gustura joango nintzateke. Ezin dut hemengo giro kultural eta pertzeptiboa jasan.
Inguruarekin dudan harremana oso gatazkatsua da.
Baina, sortzeko, askotan, gatazka bat behar da, ezta?
Gatazka norberaren baitan dauden ni-en talka da. Ulertu ezina, autoestimu mindua… hor dago gaur egun gatazka. Beste guztia martimuilo bat da.
Zer ekarri dizu pintatzeko erabakiak?
Gauza ezin hobeago bat ekarri dit: mundu hori ezagutzeko aukera.
Kostu pertsonal eta sozial handia du, ordainean beste inon topatuko ez dituzun gauzak ematen dizkizu ordea. Zure burua ezagutzea, adibidez. Ez dakigu gure buruaren aukerak zeintzuk diren.
Tailerreko intentsitatea eta kanpoko bizitza baloratzen dituzunean, noren aldera etzaten da balantza?
Eguneroko munduak ez nau asetzen.
Ezta arte munduak ere?
Itogarria iruditzen zait hemengo kultur egoera. Konbentzionalismoz beteta gaude, baina ez da hori okerrena. Okerrena konbentzionalismoarekin asetzen garela ikustea da. Ez dugu besterik ezagutzen. Horrekin oso gordina izan nahi dut.
Baina zenbait jende kulturaren egoeraz loriatzen dira!
Kulturaren instituzio horren ugaltzeak, niri, kontrastean, ez dit kulturaren sakontzerik ekartzen. Artearen gaineko nire planteamendua suizida da. Arteak eta kulturak transgresioaren bidetik jo behar duela iruditzen zait. Gainerakoa eroso gelditzea da. Eta euskal herritarrak eroso gaude. Oso eroso.
Gaur egun kultura marketing operazio bat bezala saltzen da, turismoaren eta politikaren zerbitzura.
Joaten zara beste artisten lanen erakusketak ikustera?
Arte modura aurkezten dena ez da derrigorrez artea. Orain gutxi ikusi dut Guggenheimen zabaldu berri duten Jose Luis Morazak antolatutako erakusketa, eta artista postmoderno talde batek soziologoen papera hartu nahi izan duela iruditu zait.
Ez zait batere gustatzen. Ez zait artistaren papera hori denik iruditzen.
Kantitatean baloratzen dute artista, eta artea dentsitatean ikusi behar dela uste dut.
Eta zu horren ondoan nola sentitzen zara?
Ikusi eta ikertzeko edozein aukeretara zabalik nago. Baina planteamendu horiekin erosotasunean erortzen ari direla iruditzen zait, eta arteak eta kulturak urratzailea izan behar du. Oraingo arte eta kultur joerak boterearen diskurtsoak irentsi ditu.
Tailerretik kanpo dagoen guztia eraso modura sentitzen badut, askoz mingarriagoa zait arte mundu hori, teorian mundu horretan ulertua sentitu beharko nintzatekeelako. Eta ez da horrela.
Baina Arte Ederretako fakultateko irakaslea zara.
Unibertsitatea beldurgarria da. Grisa. Lehengo garaietan moderno eta urratzaileak zirenek hartu dituzte dekanotzak, baina fagotizatuta daude.
Apenas dagoen itxaropenerako aukerarik.
Gizarte merkantilistari erantzunak ematen dizkiete, baina ez erantzun alternatiboak. Merkatu horretan nola integratu erakusten zaio unibertsitateko ikasleari: supermerkatuko ze apaletan kokatu artea. Ikasleak guztiz desarmatuta heltzen dira, inolako tresna edo iniziatibarik gabe.
Harrituta nago zeinen garrantzia gutxi ematen zaion irakaskuntzaren kalitateari.
* * * *
Haserre jakintsua
Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagaren liburuen ilustrazioengatik. Zoragarria da Lisboan egindako erakusketarako argitaratu zuen Frontera permeable ere. Grabatu eta kartelengatik. Artista bere lanengatik ezagutzen da.
Salvador Puig Antichen exekuzioaren urteurrenaren karietara hainbat koadro egin zituen aspaldi ez dela. Inon ikusterik izango ditugu?.
Gero pertsona dago. Erramun Landa (Ea, 1958): pintura saileko irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. Traturako jator, elkarrizketan hiztun, eztabaidan polemista.